ALIGAS


ALIGAS CENEReko (Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala) Biomasa Departamentuak gidatutako lankidetza-proiektua da. AINk (Nafarroako Industriaren Elkartea) parte hartzen du bertan bazkide gisa; eta, zehazki, bertako Neurri, Kontrol eta Komunikazio Departamentuak. I+G proiektu honen ardatza biomasen eta hondakin heterogeneoen bidez elikatzeko kontrol-sistema bat garatzea da (gaur egungoak baino sendoagoa, fidagarriagoa, zehatzagoa eta egonkorragoa izango dena); biomasa-galdaretan eta beste balorizazio-prozesu batzuetan ezartzeko.

Garapen horrekin helburu nagusi hauek lortu nahi dira:

  1. Instalazioaren funtzionamendu egokia lortzea, elikatutako emaria behar bezala erregulatuta, bai doitasunaren ikuspegitik, bai egonkortasunaren ikuspegitik, biomasekin eta hondakin heterogeneoekin (hezetasun handia eta dentsitate baxua dutenekin, inpropioetan eduki handia dutenekin, eragin urratzailea izan dezaketenekin eta maneiatzen zailak direnekin) egindako eragiketetan.
  2. Elikatze-sistemaren fidagarritasuna bermatzea, trabak sortzea saihestuz, instalazioen eraginkortasuna hobetzeko eta ekipoen higadura murrizteko.
  3. Baldintza ez-geldikorretan solidoen fluxu-eredu bat garatzea, prozesuaren kontrol-sistema hobetzean aplikatzeko.
  4. Elikatze-sistema kontrolatzeko logika bat ezartzea, kontrol moldatzaileko printzipioak aplikatuz, garatutako solidoen fluxu-ereduaren arabera; eta elikatzeko erabilitako biomasen eta hondakinen heterogeneotasunak eragindako aldakuntzak iragartzeko edota horietara egokitzeko gai izango den kontrol-sistema berri bat ezartzea.

 

Proiektu hau egin bitartean, biomasa desberdinekin hainbat proba egin dira, bai torrefakzioko instalazio pilotuan, bai Agoitz herrian CENERek duen “Biofindegi eta Bioenergiako Zentro”ko (BIO2C) gasifikazioko instalazio pilotuan (instalazio pilotuak, bakoitza 2 MWt-koa). Proba horiek proposatutako helburuak lortzeko “in situ” frogapenaren eta garapenaren ikuspegia adierazten dute.

Proba horietan emandako emaitzetan oinarrituta eta CENEReko instalazio pilotu horietan (torrefakziokoa eta gasifikaziokoa) eskuragarri dauden egungo elikatze-sistemetatik abiatuta, baldintza ez-geldikorretan solidoen fluxu-eredu bat garatzen ari da; eta, eredu horretan oinarrituta, kontrol-sistemaren algoritmoak aldatuko dira kontrol moldatzaileko printzipioak aplikatuz, kontroleko logika berriarekin elikatze egonkorragoa eta fidagarriagoa lor dadin, tratatutako biomasen eta hondakinen izaera heterogeneoa kontuan hartuta. Kontrol-algoritmo berria instalazioetan integratuko da, eta biomasekin eta hondakin heterogeneoekin egindako iraupen luzeko proben bidez baliozkotuko da.

Proiektu honen garapenak aplikazio garrantzitsua du biomasa eta hondakin heterogeneo horien balorizazio energetikoan (errekuntza, gasifikazio, torrefakzio eta abar bidez); izan ere, erregai horien bidez elikatzeko garaian gaur egun instalazio askotan duten benetako arazo operatibo bat konpontzen du. Erregai heterogeneoen (hezetasun handikoak eta dentsitate baxukoak, inpropioetan eduki handikoak, eragin urratzailea izan dezaketenak eta maneiatzen zailak direnak) bidez elikatzeko zailtasun teknikoak daude; eta erregulazio- eta erabilgarritasun-arazoak sortzen ditu, prozesuaren errendimenduari eta fidagarritasunari modu drastikoan eragiten dietenak. Izan ere, horri lotuta daude eragiketa- eta mantentze-arazo ugari; honakoak, esaterako:

  • Prozesuaren eraginkortasun globaleko aldaketak, elikatutako emarian elikatzeko erabilitako biomasen/hondakinen heterogeneotasunak eragindako aldakuntzengatik eta partikulen dentsitatearen eta formaren ondorioz duten portaeragatik.
  • Zigilatze-sistemetako (adibidez, balbula birakarietako) kalteak, inpropioak egoteagatik edo gehiegi betetzeagatik elikatutako emaria erregulatzean kontrolik ez dagoelako; eta, ondorioz, estankotasuna galtzea eta prozesua gelditu behar izatea.
  • Buxadurak (biomasaren/hondakinaren heterogeneotasunak, inpropioak egoteak eta emari egonkor bat erregulatzeko zailtasunak sortutakoak) elikatzean, instalazioaren erabilgarritasuna murrizten dutenak.
  • Ohiko kontrol-sistemekiko eragiketa-egonkortasun ahula. Parametro finkoetarako PID (Proportzionala, Integrala, Deribatiboa) erregulagailu tradizionalek ondo jokatzen dute sistema linealen (prozesuaren parametroak denboran aldatzen ez direnak) kontrolean edo ez-linealen (funtzionamendu-puntu finko baten inguruan lan egiten dutenak) kontrolean. Baina beste egoera batzuetara egokitzeko —esaterako, prozesu ez-linealetara, oro har; edo portaera definitzen duten parametroak denboran aldatzeko aukera duten prozesuetara (azken horien barruan kokatzen dira biomasa bidezko elikatzeko prozesuak)—, komeni da erreguladorearen parametroak prozesuaren portaeraren arabera automatikoki doitzen dituen sistema bat izatea, eta, hala, “kontrol moldatzailea” deritzona sortzea.

Horrek guztiak agerian uzten du, biomasa eta hondakin heterogeneo bidezko elikatze-prozesuak oso aldakorrak direnez, gaur egungoak baino sendoagoa, fidagarriagoa, zehatzagoa eta egonkorragoa den kontrol-sistema bat garatzeak, biomasa-galdaretan, gasifikazio-instalazioetan eta beste balorizazio-prozesu batzuetan ezartzeko, hobekuntza handiak ekarriko lituzkeela sektorean maila ekonomikoan eta operatiboan.

 


  • Año: 2019
  • Sector estratégico: Industria de la energía verde
  • Líder del proyecto: CENER
  • Socios del proyecto: AIN
X