Giltzurruneko transplantea da etapa terminalean dauden giltzurruneko gaixotasun kronikoko pazienteentzat aukerako terapia. Nafarroako Foru Komunitatean, urtero, batez beste, giltzurruneko 40 transplante egiten dira. Azken 20 urteotan, txertatutako giltzurrunaren galera goiztiarren kasuak modu bortitzean murriztu dira. Haatik, txertaketaren galerak, epe ertain eta luzera, oraindik paziente portzentaje esanguratsu bati eragiten dio, eta horren ondorioak oso suntsitzaileak dira beren bizi-kalitateari begira.
RM-RENAL NUK-eko Erradiologia eta Nefrologiako departamentuetan egindako lana oinarritzat duen proiektua da. Departamentu horiek, 2014az geroztik, giltzurruneko gaixotasunaren diagnosian lagun dezaketen irudi-teknika berriak gaineratzeko kolaboratzen dute, erresonantzia magnetikoan oinarrituta. Teknika ez-inbaditzailea da, erradiazioa ionizatzailerik erabiltzea eskatzen ez duena. RM-RENAL proiektuan NUP-eko ikerlariek ere parte hartu dute, irudien prozesamenduan eta adimen artifizialeko metodoetan beren ezagutzak eta esperientziak eskaini dituztenak.
Proiektuaren helburua bi zentroetan dauden tresnak hobetu, eta beharrezkoa izan denean, metodologia berriak txertatzea izan da, transplantearen ondotik txertatutako giltzurrunaren funtzioa monitorizatzeko aukera ematen duen metodo bat garatu eta giltzurrunaren disfuntzioa garaiz iragartze aldera. Informazio hori garrantzitsua da, ez soilik esku-hartze terapeutikoari begira, baizik eta, baita txertaketaren jarraipenari dagokionez etorkizunera begirako erabakiak hartzeko.
Proiektuan zehar, ikerlariek metodoa diseinatu eta ezartzea lortu dute, teknika aurreratuak baliatzen dituen erresonantzia magnetikoko protokolo bat barne hartzen duena. Teknika horiei esker, giltzurrunaren funtzioarekin eta mikro-egiturarekin lotutako bioadierazleak neurtu daitezke, irudien prozesamenduko zenbait algoritmorekin batera, ikaskuntza automatikoko teknikak jasotzen dituztenak, erresonantzian eskuratutako irudietatik abiatuz bioadierazle horiek zenbatesteko. Proiektuaren bigarren fasean, metodoa giltzurrun-funtzio egonkorra duten paziente-multzo bat (transplantea jaso dutenak) ebaluatzea izan da, irudien bioadierazleen balio arrunten heina zehaztu eta neurketen errepikagarritasuna finkatzeko.
Azkenik, metodoak diagnosirako eta pronostikoak egiteko duen gaitasuna luzetarako ikerketa batean ebaluatu da, berriki transplantea jaso duten pazienteengan. Hori urtebetez monitorizatu da, transplantearen ostean. Luzetarako ikerketa hori 2023an zehar amaituko da. Orain arte eskuratutako datuen azterketak oso emaitza itxaropentsuak ageri ditu: giltzurrunetako bioadierazleak errepikagarritasun egokiz neurtu ahal izan dira; giltzurrun-funtzio bat neurtzeko erabilitako aldagai klinikoekin korrelazio altuak ageri dituzte; eta funtzio oneko eta funtzio txarreko txertaketak bereizteko (balizko diagnosia) gaitasun adierazgarria ageri dute. Azkenik, giltzurruneko transplantea egin eta berehala lortutako irudiek transplantetik hiru hilabetera giltzurrun-funtzio ona izango duten pazienteak zehaztea ahalbidetzen dute (gaitasun pronostikoa). Emaitza horiek, zientzia-aldizkarietan argitaratu eta nazioarteko kongresu askotan aurkeztu direnak, berretsi egin behar dira etorkizunean paziente-multzo handiagoekin, jarraipen-aldi luzeago batekin, eta beste zentro batzuen parte-hartzearekin.
Lanketa hori bi zentroetako mediku eta ingeniariz osatutako diziplina anitzeko ikerketa-talde baten lankidetzari esker burutu ahal izan da.