Hesteetako mikrobio-florak funtsezko eginkizuna du ostalariaren osasunean. Izan ere, hesteetako mikroorganismoek mantenugaiak metabolizatzeari eragiten diote, eta horrek eragina du zenbait alderdi metabolikotan, hala nola gantzen metaketan, intsulinarekiko sentsibilitatean edo jateko gogoarekin lotutako hormonen askapenean, besteak beste. Hala, mikrobio-flora orekatu batek (edo eubiosi-egoera batek) homeostasi energetikoa eta metabolikoa mantentzen laguntzen du; hori aldatzea (disbiosi-egoera), berriz, obesitatea eta 2 motako diabetesa bezalako nahasmenduekin lotu izan da, eta patologia horiek gero eta mugimendu gutxiagokoa den biztanleriari eragiten diote, oro har. Hori dela eta, zenbait ikerketa-taldek mikrobio-floran eragina duten eta ezaugarri metaboliko osasungarriak dituzten eragileak identifikatu nahi dituzte, aipatutako gaixotasunak tratatzeko erabil daitezkeenak.
Ildo beretik, Nafarroako Unibertsitatearen eta Teknologiako eta Elikagaien Segurtasuneko Zentro Nazionalaren arteko lankidetzatik sortutako aurreko ikerketek aukera eman dute Lactobacillus generoko hiru bakterio-espezie izangai probiotiko gisa identifikatzeko. Horiek propietate osasungarriak dituzte, hala nola gorputzaren gehiegizko gantza murrizteko, gluzemiako eta/edo kolesteroleko mailak hobetzeko eta esteatosi hepatikoa murrizteko gaitasuna.
Hala ere, osasunerako onuragarriak izan arren, mikroorganismo bizidunak elikadura-osagarri gisa erabiltzeak zenbait muga ditu, besteak beste, birulentziako geneak transferitzeko eta antibiotikoekiko erresistentzia garatzeko aukera. Horregatik sortu zen PARABIOTICS proiektua. Horren esparruan, andui probiotikoak identifikatzea eta haien ezaugarri funtzionalak zehaztea proposatu zen, bai modu motelduan daudenean bai metabolitoen bidez (posbiotiko deritzenak). Ikusi nahi genuen obesitatearekin lotutako parametroak hobetzeko gai ziren, hala nola gehiegizko pisua, adipositatea, intsulinarekiko erresistentzia edo hantura eta, hala, haien forma aktiboak (edo probiotikoak) ordezteko gai ziren.
PARABIOTICS proiektuari esker, propietate osasungarriak dituzten andui probiotikoak desaktibatzeko hainbat metodologia sortu dira. Eredu zelularrak eta in vivo ereduak (Caenorhabditis elegans eta dietak eragindako obesitatea duten karraskariak) erabiliz egindako ondorengo ebaluazio funtzionalari esker, onuragarriak diren propietateak identifikatu dira hiru anduietan, eta moteltzeko metodo batzuk beste batzuk baino eraginkortasun handiagoz identifikatu dira. Hala, posbiotikoak lortu dira ehun adiposoa pilatzearen eta hanturaren aurkako, gluzemiako mailari eusteko edo kolesterola hobetzeko propietateak dituzten bi anduitarako. Gainera, aldi berean egindako toxikologiako azterketei esker, identifikatutako forma motelduen segurtasuna ezagutu ahal izan da. Proiektuan lortutako emaitzek obesitatearen eta harekin lotutako gaixotasunen aurkako terapia gisa erabil daitekeen eragile posbiotiko bat gutxienez garatzera garamatzate.