e-bioMeOH Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalaren Biomasako Sailak zuzendutako lankidetza-proiektua da. NAITEC zentroak parte hartzen du bertan bazkide gisa eta, zehazki, Mekatronikako Unitateak.
Trantsizio energetikoaren esparruan, sektore batzuen deskarbonizazioak, hala nola errepide bidezko garraio astunak, aireko edo itsasoko garraioak, eta industria askok, bereziki industria kimikoak, erronka ugari dituzte, erregai fosilekiko duten menpekotasun handia dela eta.
Merkatuari dagokionez, metanola da gehien nabarmentzen den produktu kimikoetako bat, erabilera ugari dituelako, garraiorako erregaiak gisa erabiltzea barne, eta ekoizpenean isuri asko sortzen dituelako. Hori dela eta, proiektu honetan, CO2-tik eta jatorri berriztagarriko elektrizitatetik abiatuta metanola ekoizteko ordezko ibilbide bat garatu nahi izan da, elektrosintesi mikrobianoko teknologiaren bidez. Hala, berotegi-efektuko gasen isuriak saihesteaz gain, % 100ean berdea den erregaia lortzen da.
Proiektuaren bi urte baino gehiagotan zehar, hainbat ikuspegitatik lan egin da, prozesu biologikoak eta elektrokimikoak batzen dituen elektrosintesi mikrobianoa bezalako teknologia iraultzaile bat garatzeko beharrezkoa den diziplina anitzeko izaera dela eta.
Hala, saiakuntza ugari egin dira hainbat mikroorganismorekin CO2 finkatzeko eta metanola ekoizteko, eta hasieran hautatutako bakterio metanotrofoekin emaitza esperimental negatiboak lortu ziren arren, teorikoki aurkitu ahal izan da horretarako egokiak diren mikroorganismoen nahasketa bat.
Halaber, ohiko hartzidura-teknologian oinarritutako elektrosintesi mikrobianoko erreaktorearen litro bateko TRL 3 eta bost litroko TRL 4 prototipoak garatu dira, sintesi elektrokimikorako elektrodoak erabiliz (1. argazkia). Prozesuaren hobekuntza gehigarri gisa, prozesu bioelektrokimikoaren nahasketatik metanola ateratzeko sistemaren prototipo bat ere garatu da (2. argazkia). Sistema hori jarraian aplika daiteke eta, hala, mota horretako prozesuen produktibitatea handitu daiteke.
Prozesu eta diseinu horiek guztiak, gainera, software aurreratuko ereduek eta simulazioek babesten dituzte. Eredu eta simulazio horiek aukera ematen dute jarduteko baldintzak hobetzeko eta doitzeko eta, etorkizunean, elektrodoak garatzeko material egokituak eta funtzionalizatuak hautatzeko.
Proiektuan zehar CO2-tik metanola lortzea ezinezkoa izan bada ere, emaitzak oso positiboak dira. Izan ere, elektrohartzidura-teknologia oso moldakorra da, eta hainbat substratutik abiatuta produktu ugari ekoizteko aukera ematen du, behar bezalako jarduteko baldintzetan mikroorganismo egokiak erabiliz.

- argazkia. Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalaren bost litroko erreaktorean CO2-tik abiatuta metanola ekoizteko elektrohartzidura-prozesua.

- argazkia. Metanola arazteko perbaporaziorako moduluaren saiakuntza-bankua NAITEC zentroan.