Proiektu honek Orf birusarekin kutsatutako animaliak identifikatzea ahalbidetzen duten tresnak garatu ditu. Horretarako, plataforma anitzeko ikuspegi bat erabili da, honakoan oinarritzen dena: pustuletan birusak detektatzea metodo molekularren bidez eta erreakzio serologikoa (antigorputzak egotea) ELISA bidez. Hala, egiaztatu dugu antigorputzak daudela bai sintomak dituzten animalietan, bai fase asintomatikoan infektatutako animalietan.
Ahoko lesioetan Orf delakoa berrestea beharrezkoa da hainbat birusek (papiloma birusak, herpes birusak, etab.) eragindako infekzioekiko diagnostiko diferentzialerako. Hala, proiektu honetan garatu diren PCR klasikoko metodoek aukera ematen dute, espezifikotasun-arazorik gabe, Orf-ek eragindako lesioak diagnostikatzeko.
Pustuletan edo bestelako laginetan zelula-hazkuntzako gainjalkin gisa birusak kuantifikatzeko, denbora errealeko PCR estrategia bat garatu da.
Kutsatutako animaliak identifikatzea funtsezko estrategia da kontrol-programak ezartzean eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliak kalte gabeko edo arrisku handiko ustiategietan sartzea saihesteko. Orf birusarekin infektatutako animaliak, sintomak dituztenak zein ez dituztenak, identifikatzeko metodo serologiko bat garatzea eta prest jartzea ekarri du proiektuak. Tresna hori infekzioa fase asintomatikoetan detektatzeko aukera ematen duen bakarra da; eta animalien inportazioan prebentzio-neurriak ezartzea ahalbidetzen du, bai talde mailan, bai eskualde mailan.
Oro har, CONECTIM (PC071-072 eta PC052-053) proiektuak gure herrialdean Orf birusaren —EK eragiten duena— anduien lehen isolamendu eta karakterizazio genetikoarekin lagundu du. Gainera, kutsatutako animalien odolean antigorputzak daudela frogatu dugu, kutsatutako animaliak identifikatzeko gai den ELISA bat garatuz. Isolatuen eskuragarritasunari esker, lehenik eta behin, birusa erreplikatzeko zelula-hazkuntzak ezarri ahal izan ditugu; eta PCR eta sekuentziazio azterketak egin ahal izan ditugu (horien bidez gure inguruneko lehen Orf sekuentziak ezaugarritu ditugu). Karakterizazio genetikoak Alemanian edo Estatu Batuetan aurrez deskribatutakoen antzeko birusak daudela erakutsi du. Azkenik, Orf birusaren lehen sekuentzia osoak eskuratzeak diana diagnostikoak zein terapeutikoak eta txertaketakoak identifikatzeko etorkizuneko azterlanak ziurtatzen ditu.