Nafarroako Gobernuak finantzatutako BACTOPROBES 3.0 lankidetza-proiektuaren helburua da diagnostiko azkarrekoa, fidagarria, kostu txikikoa eta aplikazio errazekoa den metodo bat garatzea, gaur egungo metodoak hobetuko dituena, elikagaietan bizirik dauden bakterio patogenoak goiz detektatzeko; eta hori elikagaien industrian baliozkotzea.
IdAB-CSIC-eko eta CNTAko ikertzaileek BACTOPROBES 3.0 lankidetza-proiektuan lortutako emaitzei esker, detekzio-metodo berri bat patentatu ahal izan da, bakterio patogeno jakin batzuen nukleasa espezifikoak detektatzeko funtzionalizatutako urre-nanopartikulen gaineko erresonantzia plasmonikoan oinarrituta.
Metodo horrek hainbat abantaila lehiakor ditu gaur egun dauden metodoekin alderatuta; besteak beste, nabarmentzekoak dira erabilerraztasuna eta zehaztapenen kostu txikia. Gainera, abantaila bat du: aipatutako nukleasak sortzeko gai diren bakterio biziak baino ez ditu detektatzen.
Proiektu honetan CNTAko eta CSIC-IdABeko ikertzaileen artean izandako lankidetzari esker, elikagaietan Salmonella eta Staphylococcus aureus detektatu ahal izan dira, eta Listeria monocytogenes bezain garrantzitsuak diren beste bakterio batzuetara zabaltzea espero dugu.
Teknologia hori merkaturatzeak aukera emango du Nafarroako I+G patogenoen diagnostiko azkarrean leku garrantzitsu batean jartzeko; eta aplikazio ugari garatzeko aukera emango du albaitaritzan, nekazaritzako elikagaien eremuan eta biomedikuntzan.