Daukagun arazo nagusietako bat da ez dagoela material egokirik produktu elektronikoei eskatzen zaizkien prestazio gero eta sofistikatuagoak betetzen dituenik. Horren ondorioz, askotan, teknologia horrekin lotutako garapen asko moteldu, atzeratu eta are abandonatu egiten dira.
Material berrien eskaera horri erantzuteko asmoz, NANO4INKS proiektua sortu da. Bertan, nanopartikula aurreratuetan oinarritutako tinta eroaleak eta erdieroaleak formulatu ditugu inkjet teknologiarekin inprimatzeko.
Proiektuaren bigarren urte honetan, zilarrez estalitako silize-nukleo batez (SiO2@Ag) osatutako nanopartikulak (NPak) sintetizatu ditugu, gaur egun erabiltzen den zilarra prezio lehiakorragoan ordezkatzeko asmoz.
Bigarrenak aluminio oxidoarekin dopatutako zink oxidozkoak dira (AZO); izaera erdieroalea eta n motako portaera dute. Eta hirugarrenak molibdeno oxidozkoak (MoO3) dira; horiek ere erdieroaleak dira, baina p motakoak.
Proiektuan sortutako nanopartikulekin formulazio- eta ehotze-prozesu batean lan egin dugu, eta tinta elektronikoak lortu ditugu.
Lehenengoak elektrizitatea gidatzeko gaitasuna du, eta horrekin, adibidez, kableatu bat ordezkatu liteke.
Beste 2 tintak erdieroaleak dira, n eta p motakoak. Material horiek merkatuan ezartzen hasi dira indio-oxidoen ordezko bikain gisa, horiek garestiagoak eta urriagoak baitira.
Garatutako materialak baliozkotzeko, diodoak diseinatu eta fabrikatu ditugu, eta, horiei esker, haien portaera ebaluatu eta materialek funtzionatzen dutela egiaztatu ahal izan dugu.
Beraz, proiektuan garatutako bezalako materialei esker, atea irekitzen zaio gero eta konplexuagoak diren gailu inprimatuak fabrikatzeari; esate baterako, guztiz lauak diren ukipen-pantailak edo guztiz inprimatutako gelaxka fotovoltaikoak fabrikatzeari.