Hala ere, gaixotasunen prebentzioan aplika daitezkeen konposatu bioaktibo asko ez dira ondo xurgatzen. Gainera, xurgatu gabeko konposatu horiek mikrobiotak eralda ditzake; eta metabolitoak sor daitezke, berez bioaktiboak izan litezkeenak. Horrek esan nahi du konposatu horien eraginkortasuna mikrobiotari eragin diezaioketen zenbait faktoreren araberakoa dela; esaterako, elikaduraren edo zenbait gaixotasunen araberakoa.
Horrenbestez, CNTArekin lankidetzan garatutako proiektu honen helburua da ebaluatzea ea aurrez kapsulatutako metabolito horietakoren bat zuzenean ematea, haren bioerabilgarritasuna hobetzeko, eraginkorragoa izan daitekeen obesitatea edota sindrome metabolikoa tratatzeko edo prebenitzeko, konposatu bioaktiboak berak erabiltzea baino.
Esan bezala, polifenoletatik abiatuta mikrobiotak sortutako metabolito batzuek obesitateari lotutako sindrome metabolikoaren prebentzioan efektu biologiko erabilgarriak izan ditzaketela dioen hipotesitik abiatzen da.
Helburu horrekin, proiektuaren lehen urte honetan, honakoak barne hartzen dituzten bi konposatu-serieren jarduera ebaluatu da: bioaktibo bat, haren aitzindaria; eta mikrobiotaren akzioaren ondoriozko metabolito bat. Horretarako, C. elegans-en baheketa-eredu bat erabili da. Esperientzia handia dugu horrekin, eta horren bidez konposatuak eman ondoren metatutako koipe-murrizketa ebalua dezakegu.
Lehenengo fase honetan, koipea murrizteko efektu handiena duten bi konposatuak aukeratu ahal izan ditugu, eta horiekin egingo dira saiakuntzak proiektuaren hurrengo faseetan. Gainera, fase honetan egiaztatu ahal izan dugunez, bakterioen metabolismoaren ekintzak aldatu egiten du saiakuntzetarako erabilitako konposatuen efektu biologikoa; hala, berretsi egiten da efektu horrek koloneko bakterioen metabolismoaren ekintzaren eragina izan dezakeela dioen gure hipotesia.
Bigarren fasean, dietak eragindako obesitate-eredu batean hautatutako konposatuen farmakozinetika ebaluatu da. Emaitzei esker, konposatu horien bioerabilgarritasuna ezagutu ahal izan da. Garatutako ereduak, ondoren, obesitateari lotutako zenbait parametrotan (gluzemia, adibidez) duen eraginkortasuna ebaluatzeko aukera emango du, bide parenteraletik ematen denean; hau da, haren jarduera heste-xurgapenak edo ahotik emateari lotutako beste faktore batzuek mugatzen ez dutenean, osagarri edo elikagai funtzional batean izan litekeen bezala.
Horrez gain, elikatze-graduko proteina batean oinarritutako nanopartikulen ekoizpen-prozesua optimizatu egin da, eta propietate desberdinetako nanopartikulak garatu dira horien gainazala polimeroekin estaliz.
Proiektuaren hurrengo faseetan konposatu horiek mikrokapsularatu egingo dira, heste meharrean azkar xurga daitezen edo, alderantziz, heste lodiraino joan eta han aska daitezen. Formulazio berri horiek dietak eragindako obesitatea duen ugaztun-eredu batean probatuko dira, konposatu horiek nanopartikulatan formulatzean gertatzen diren bioerabilgarritasun-aldaketek haien eraginkortasuna hobetzen laguntzen duten egiaztatzeko.
Lehen urte honetako emaitzek gure hipotesi hau berretsi dute: bakterioen metabolismoak konposatu horien jarduera eta eraginkortasuna aldatzen ditu, eta metabolito horietako batzuen mikrokapsulatzeak formulazio eraginkorragoak ekar litzakeelako ideia sendotzen da.
Hurrengo bi urteetan formulazio berri horiek in vivo ereduetan garatu eta ebaluatuko dira, obesitateari lotutako parametroen hobekuntza lortzen den egiaztatzeko.
Gainera, proiektu hau kontzeptu-proba bat da; eta, arrakasta izanez gero, beste konposatu askori aplikatu ahal izango litzaioke hainbat indikaziorekin.