CENERek, AINen laguntzarekin, proiektuaren lehen urte honetan, eguzki-kolektore zilindroparaboliko, berritzaile eta moldakor baten lehen prototipoa diseinatu, fabrikatu eta muntatu du, bai lurzoru eta teilatu industrialetarako, bai hiri-lurzoru eta -teilatuetarako. Horren helburua ezaugarri berritzaile hauek betetzea da: moldakortasun handia, arina, erraz instalatzekoa, hodiaren beraren inguruko biraketa-sistema duena, arazoak ematen dituzten juntura malguak erabiltzea saihestuko duena, eta arkitektura aldetik integragarria.
Prototipo horren diseinua eta ebaluazioa egiteko, I+G aplikatu zaio kolektorearen osagai bakoitzaren garapenari:
- Kontzentratzaile zilindroparabolikoaren material islatzaile gisa, ohiko ispilu tenplatuaren ordez beste aukera batzuk aztertu dira, haren gehieneko kurbadura oso mugatua baita. Ispilu islatzailearen kurbadura handiagoa ahalbidetzen duten alternatibak aztertu dira. Lehen prototipo horretan, erretxina plastikoen nukleoa duen aluminiozko xafla aukeratu da, bere iraunkortasun eta arintasunagatik.
- Egitura-kontzeptu berritzaile gisa, kontzeptu bat garatu da. Kontzeptu horrek instalazioan arazoak ematen dituzten juntura malguak erabiltzeko beharra saihesten du, eta multzoaren mugimendua errazten eta sinplifikatzen du orekatuta baitago.
- Proiektuaren beste alderdi berritzaileetako bat hargailua da. Hargailu sinpleagoa eta merkeagoa garatzen ari da, beira eta metal soldadurarik gabe eta huts altuko sistemarik gabe, helburuko lan-tenperaturetarako (180-250 ºC). Hargailu horrek eraginkortasun handia izan dezan, ezinbestekoa da aire zabalean egonkorra den estaldura selektibo bat garatzea. Estaldura selektibo berri hori AINko gainazalen ingeniaritza aurreratuko arloa ari da garatzen.
- Beirazko estalki bat ere erantsi zaio diseinuari irekiera-planoan, elementu berritzaile gisa, dauden irtenbideen aurrean. Horrek garapen berriari iraunkortasun handiagoa, egituraren egonkortasuna handitzea eta garbiketa- eta mantentze-eragiketetan sinplifikazioa ekarriko dizkio.
Laburbilduz, proiektu honen helburua da, alde batetik, kolektore oso berritzaile eta apurtzaile bat garatzea, dauden irtenbideen aurrean, beroa behar duten industria-prozesuetan 250 ºC-rainoko tenperaturan lan egiteko gai izango dena. Eta, bestetik, estaldura selektiboak garatzeko erronkari aurre egitea, horretarako babes-hutsa erabili beharrik gabe; horrek lehiarako abantaila handiagoa ematen baitu. Proiektuaren lehen urtean, lehen modulu baten prototipoa garatu da. 2020an errendimendu globaleko saiakuntzak eta prototipoaren bertsio hobetua egitea aurreikusten da; eta 2021erako kolektoreen sail txiki bat diseinatu, fabrikatu eta muntatzea aurreikusten da.