Hori lortzeko, proiektu honetan stent-prototipo berritzaile bat definitzea planteatzen da, polimero eta magnesiozko material hibrido bioxurgagarri berri batean oinarritua, ez-farmakologikoa, ez-toxikoa eta mekanikoki egonkorra dena degradazioarekiko; hala, farmakorik gabeko stent metaliko edo polimeriko baten alternatiba izango da. Horrekin batera, 3D inprimaketa bezalako punta-puntako teknologia baten bidez fabrikatu beharreko stenten diseinu berri bat definituko da. Teknologia hori ez da inoiz erabili polimero-metalezko stentak garatzeko; eta horrek abantaila handiak ekarriko lituzke arlo horretan (azkartasuna, kustomizazioa, kirurgia konplexuak murriztea, etab.).
Propietate mekanikoen (Young-en modulua, gogortasuna, indar erradiala, etab.) eta polimero-metal material motaren sarreretatik abiatuta egingo da stenten diseinu berritzailea; stentaren besoen eta loturen luzerak, diametroak eta zabalerak zehazten joateko aukera izateko. Azterketa parametrikotik abiatuta, hainbat simulazio egingo dira, lor daitezkeen diseinu alternatiboen bideragarritasuna ikusteko.
Lehenengo urte honetan aurrera egin da 3D inprimaketarako materialen garapenean, bai FDMrako (material-urtze bidezko modelatzea), bai SLArako (estereolitografia); bai eta stentak fabrikatzeko inprimagailuak prest jartzean ere (zehaztasun handiko gailu txikiak dira stentak, bereizmen handia eskatzen dutenak eta erronka direnak inprimatze-prozesuan). Horrez gain, stentak aztertzeko eta ezaugarritzeko gai den tresna konputazional bat sortu da, gailuaren portaeran parametro bakoitzak duen eraginaren eta diseinuaren berariazko eraginaren inguruan informazio zehatza ematen duena.
Tresna hori amaierako diseinua aukeratu, materiala ezaugarritu eta inprimagailua prest jarri ondoren gailua optimizatzeko oinarria izango da. Stenten lehen prototipoak behar bezala inprimatu dira proiektuan garatutako material berriekin. Egindako lanak eta lortutako emaitzak kontuan hartuta, materialaren garapenean gehiago sakondu behar dela uste dugu, bigarren urtean aplikazio horren eskaerak beteko dituen azken produktu bat lortu arte.