Hala ere, gaur egun ez dago tratamendu farmakologiko eraginkorrik bi gaixotasun horietako bakar batentzat ere; beraz, diana terapeutiko berriak identifikatzea eta terapia eraginkorrak garatzea beharrezkoak dira obesitatearen eta AGaren garapena prebenitzeko/garapenari aurre egiteko, gero eta zaharragoa eta ugariagoa den populazio batean.
Zenbait ikerketak iradoki dutenez, ziklo zelularreko makineria kontrolatzen duten zenbait faktorek zeregin garrantzitsua izan lezakete AGaren eta obesitatearen garapenean. p27-Cdk2 ardatza ziklo zelularraren kontrolean parte hartzen duten mekanismo erregulatzaileetako bat da. Azterlan batzuek p27-Cdk2 ardatzak neurogenesian duen zeregina iradoki dute; eta, bestalde, p27 urritasunak faktore proinflamatorioen maila altuagoak sustatuko lituzkeela ikusi da. Hala ere, orain arte azterlan batek ere ez du aztertu p27-Cdk2 ardatzaren, obesitatea garatzeko suszeptibilitatearen, intsulinarekiko erresistentziaren eta narriadura kognitiboaren (bereziki, AGa) arteko balizko lotura.
Horregatik, proiektu honen helburu nagusia da zehaztea ea 27-Cdk2 ardatzeko proteinak beste diana terapeutiko bat bihur daitezkeen obesitatea eta AGa prebenitzeko/tratatzeko.
Horretarako, p27 edota Cdk2 mailak aztertu ditugu ehun adiposoaren eta garun-azalaren laginetan (bai gizakienetan, bai murinoenetan); eta horiek zahartzeak, AGak edo obesitateak modulatzen dituzten.
Animalia-ereduetan (p27 gutxi duten saguetan) ere aztertu ditugu p27-rik ez izateak obesitatea eta narriadura kognitiboa garatzeko suszeptibilitatean dituen ondorioak, bereziki gantz askoko dieta egiten dutenean.
Bestalde, beste ekintza batzuen artean p27 mailak handitzen dituen farmakoa emateak izan ditzakeen ondorio terapeutikoak ebaluatu dira. Horren eraginak aztertu dira zahartze azeleratua duten animalietan (SAMP8 saguak), kontrol dieta batekin edo gantz askoko dieta batekin elikatuta daudenetan; eta seneszentziarekin eta dietak eragindako obesitatearekin lotutako defizit kognitiboak prebenitzeko/leheneratzeko duen gaitasuna aztertu da.
Lortutako emaitzek aldaketa garrantzitsuak erakusten dituzte p27 edota cdk2 adierazpenean, bai ehun adiposoan, bai garun-azalaren laginetan, obesitatearen eta zahartzearen aurrean. Gainera, ikusi dugu p27 urritasunak aldatu egiten duela gene-adierazpena ehun adiposo zurian eta gantz arrean; eta horrek zerikusia izan lezake obesitatearen garapenarekiko eta intsulinarekiko erresistentziarekiko suszeptibilitatearekin. Eta, gainera, plastikotasunean eta funtzio neuronalean inplikatutako ibilbideak aldatzen ditu garun-mailan, eta hori narriadura kognitiboarekin lotuta egon liteke.
Erabilitako farmakoarekin egindako tratamenduak obesitatearen garapena prebenitzen du eta glukosarekiko tolerantzia hobetzen du gantz askoko dieta duten animalietan, batez ere erraietako gantzaren metaketa murriztean eta gantz arrearen tamaina handitzean.
Oso interesgarria da, beraz, p27/cdk2 ardatzeko proteinen erregulazioaren potentzial terapeutikoan sakontzen jarraitzea, obesitaterako eta AGerako terapia eraginkorrak garatzeko estrategia gisa. Biztanleria gero eta zaharragoa, obesoagoa eta narriadura kognitiboaren prebalentzia handiagoa duena izateak dakarren erronka sozial, mediko eta ekonomiko garrantzitsuari erantzuten diote emaitza horiek, baita zahartze osasuntsuago baterako esku-hartze edota terapia eraginkorrak aurkitzeko beharrari ere.